2012/11/28

ZIENTZIA ASTEA


          Azaroaren 9an, ostiralean, 2. mailako ikasleak Bilboko Alhondigara joan ginen Zientzia Astean parte hartzera.  Trenez joan ginen, 10:00etan atera ginen Zallatik.
         Alhondigara  ailegatzean txoko batzuk  zeuden eta ikasle asko ginenez, bi taldetan banatu ginen. Pixkanaka–pixkanaka  txokoz aldatzen joan ginen: geografoak, ADN-a, 3D, Kroma, fisika, kimika …
         Lehen txokoan Ingeniaritzako  ikasle batzuek, beraiek diseinatutako  auto elektrikoa eta gasolinazko motorra zeukan autoa erakutsi zizkiguten. Unibertsitateen artean lasterketak antolatzen dituztela azaldu ziguten.
         Fisikaren txokoan, adibidez, gure taldeko neska batek parte hartu zuen eta elektrizitatea zuen bola antzeko bat ukitu zuenean ileak tente jarri zitzaizkion.
         “Kroma” ere erakutsi ziguten, nola egiten den kamara baten aurrean jartzen zarenean  atzealde desberdinetan agertzeko, eguraldi maparen trikimailua ulertu genuen, Bob esponjarekin  pantailan agertu …
         Gominolak eta gaileten esperimentuak hoberenak izan ziren. Powerade eta likido bat nahastean ateratzen ziren gominolak oso gozo zeuden eta nitrogeno likidoan izoztutako gailetak ere jan genituen. Mandarina bat ere sartu zuten nitrogeno likidoan, ateratzean zati txikitan banatu zen eta, jatean itsaskor geratzen zen, baina gozo-gozo zegoen.
         Maizena eta uraren esperimentua ere asko gustatu zitzaigun. Maizena eta ura nahastu genituen eta hasieran likidoa zen, baina eskua oso azkar sartu eta ateratzean,  gogortu egiten zen eta, gero, ez zegoen eskua sartzerik.
         Denbora ezagatik ez genituen txoko guztiak ikusi baina ikusi genuena asko gustatu zitzaigun.
         Esperimentuak ikusten amaitu genuenean labirintora joan ginen baina ez ginen sartu denborarik ez zegoelako. Tren geltokira joan ginen.




Ikerkuntza Zientifikorako Hurbilpena
Tailerreko ikasleak  2012-11-20
2.A  eta  2.B   taldeak